Pandemiaren ondorioz bizitako protesta barealdi orokorrari kontrajarrita, kontzientzia soziala irauli eta egoerari aurre egiten dioten erradikalizazio prozesuak ere azaleratu dira. Hau izan da Euskal Herriko kasua, hain zuzen, non mobilizazioak indartsu jarraitu duten edo indarra berreskuratu duten bereziki azken urte honetan. Horregatik, joan den urtarrilaren 29an, GKSk (Gazte Koordinadora Sozialistak) deituta, manifestazio jendetsua elkartu zen “burgesiaren diktaduraren aurka”; izan ere, 7000 gazte komunista baino gehiago bildu ziren Bilbon eta Iruñean.
[Source]
Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak (MS) klase ertain eta altuen ongizatea eta bizi-baldintzen hobekuntza lehenesten dituen “egungo mugimendu demokrataren” aurka dauden hainbat talde batzen ditu. Izan ere, talde horietako bat, GKS, ezker abertzalea alderdi estatal eta instituzional gisa sendotzen hasi zen unean sortu zen. Haustura puntu horretan eta krisi kapitalistak eragindako pobretzearekin batera, klase kontzientzia eta sozialismoarekiko interesa berpiztu dira. Testuinguru honetan sortu da, hain zuzen ere, mugimendu politiko independiente eta internazionalista hau, helburu argi eta amankomun batekin: Estatu Sozialistaren eraikuntza.
Eraldaketa prozesu hau, azken batean, krisi kapitalistak berak eragina izan da, nahiz eta pandemiak prozesua bizkortu eta urte gutxitan agerian utzi duen. Hasiera batean, pandemiak ondorio larriak izan ditu langile mugimenduarentzat, desmobilizazioa bultzatu baitu neurri murriztaile eta zigortzaileen bidez eta kontrol sozialaren bidez. Aldi berean, ezkutuko prozesu bat dago abian, langileak erradikalizatuz joan dena eta eztanda sozial ezberdinen bitartez agerian geratzear dagoena. Horren erakusle batzuk GKSren U29ko manifestazioa edo aurtengo M8an asistentzia-gailurra dira, pandemiaren aurrekoekin alderatuta. Azken finean, GKS, UIB, Itaia edo Kontseilu Sozialistak bezalako taldeen sorrerari eta antolakuntzari esker, mobilizazioa eta agitazioa bizirik mantentzea lortu da euskal gizarteko hainbat esparru eta sektoretan, hala nola, gazteengan, unibertsitatean, emakumeongan, lantokietan, etab.
Honek klase gisa antolatzeko beharrari erantzuten dio, baita oinarrizko eskubideen urraketei eta goi mailako klasearen ezarpen gero eta larriagoak direnei aurre egiteko beharrari ere. Azken urte honetan zehar, horren adibide bikainak ikusi izan ditugu, besteak beste, iaz Donostiako Psikologia fakultatean eta duela gutxi Gasteizko Hezkuntza fakultatean lortutako ikasle gelak ditugu. Gertaera hauek langile klasea antolatzearen garrantzia eta potentzialtasuna frogatzen dute.
Aipagarria da, halaber, Itaia eta Kontseiluen moduko plataformen sorkuntza, eskualdeka antolatzen direnak eta emakume langileon eta langile ororen borroka bateratzen dituztenak, hurrenez hurren. Plataforma hauek argi uzten dute, alde batetik, emakumeon emantzipazioaren aldeko aldarrikapena klase-ikuspuntutik, feminismo burgesarekiko haustura dakarrena. Bestetik, lan-munduan klase borroka azpimarratzen dute eta horren arabera mobilizatzen dira: joan den martxoaren 3ko manifestazioan, adibidez, Gasteizko Kontseiluak GKSrekin batera bloke sozialista osatu zuen eta militante eta jarraitzaile ugari bildu zituen haien deialdian.
Hala ere, MSren mobilizaziorik ikusgarriena eta jendetsuena U29an bildu zen Bilbon eta Iruñean, kontsigna ausart batekin: “Burgesiaren diktaduraren aurka” eta “Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu”. Kontsigna horiek 7000 pertsona baino gehiago erakarri zituzten, horien artean gazteak gehienak, sistemaren ondorio latzenak pairatzen ari baitira, horiek beren eguneroko esperientziaren parte dira. Mobilizaziorako zuzen deskribatzen dituzten arrazoiak honako hauek dira: batetik, langileen bizi-baldintzen okertzea, burgesiaren mesede aberastasunaren banaketa desorekatua areagotu duena eta; bestetik, oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoen murrizketa, poliziaren errepresioaren eta gazteon kriminalizazioaren bidez areagotutako kontrol sozialarekin bat datorrena. Gainera, alderdi politiko bakar bat ere ez da gai izan, ezta ezkertiarrenak ere, euren posiziotik herritarren beharrei erantzuteko. Are gehiago, GKSk konplizetzat edo beranduago salatzen dituzten neurrien bultzatzailetzat seinalatu ditu azken hauek.
Hortaz, argi dago borrokaren helburua ez dela sistema hobetzea; GKSk eta MSk oro har sistema kapitalista bera gainditzea aldarrikatzen dute, kontraesankorra izango litzatekeelako sistemak berak sortutako arazoak konpontzeko exijitzea. Ildo beretik, GKSk azpimarratu zuen politika instituzional burgesarekiko independienteki antolatzea eta langile klasearen borroka Estatu Sozialistaren eraikuntzara bideratzea beharrezkoa dela. Hau da, MSk ikuspegi sozialista aktiboki aztertu eta bere salaketa zein mobilizazioei aplikatzen die.
Nazioarteko Korronte Marxistako kideok bat gatoz ikuspegi horrekin, funtsezkoa baita langile klasea sistema kapitalista errotik kentzeko helburuarekin antolatzea, sistema honek gure bizi-baldintzak hobetzeko duen ezintasuna gero eta nabarmenagoa delarik. Egungo sistemarentzako alternatiba sozialismoa izan behar da, langileriaren beharrak kapitalisten etekin ekonomikoen gainetik jartzen dituelako. Klase batasunaren lelopean bat egin behar dugu, elkarrekin sistema sozialistaren eraikuntzaren alde borrokatzeko. Borroka hori gainerako lurraldeetara zabaldu beharra dugu, Euskal Herriko MSren antolakuntza eta mobilizazioen eraginkortasuna adibidetzat hartuta. Burgesiaren diktadura borrokatu, sozialismoaren alde batu!